2024-02-04

Atlantiar Arkuaren Merkataritza Ganberak Porto hirian bildu dira, Atlantiar Arkuaren osatzen duten eskualdeek dituzten erronka ekonomiko, sozial eta ingurumenekoak lankidetza bidez lantzen jarraitzeko, Bilbon joan den ekainean sinatutako Atlantiar Arkuaren Merkataritza Ganberen Adierazpenean adostu zuten bezala.

Jardunaldian parte hartu dute A Coruña, Araba, Avilés, Baiona, Bilbo, Bordele, Burgos, Kantabria, Gijón, Gipuzkoa, Lugo, Nafarroa, Oviedo, Santiago de Compostela, Torrelavega, Tui, Vigo, Pontevedra eta Vilagarcía de Arousa-ko Ganberek, baita Portugalgo Enpresa Elkarteak eta Espainia-Portugal Ganberak ere.

Harreraz arduratu dira AEPeko administratzailea, Paulo Vaz; CCDR-Neko lehendakaria, António Cunha; eta Bilboko Merkataritza Ganberako lehendakaria, José Ignacio Zudairek, idazkaritza teknikoaren eginkizunean. Ondoren, Eusko Jaurlaritzako EB eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Atlantiar Arkuaren Batzordeko lehendakaria den Mª Ángeles Elorzak hartu du hitza, Atlantiar Arkuaren Makroeskualdea sortzeko emandako pausoak azalduz.

Geroago, Bilboko Ganberako lehendakariak Bilboko Adierazpena sinatu duten ganberek orain arte lortutako mugarri nagusiak azaldu ditu. Nabarmendu du Espainiako Gobernuko Lehendakaritzak erantzun positiboa eman diola Atlantiar Arkuaren Merkataritza Ganberen Adierazpenean jasotako gaiak —bereziki Atlantikoko Makroeskualdea sortzea— Europar Batasuneko Kontseiluaren Espainiako Lehendakaritzaren agendan sartzeko egin zen eskaerari. Zudairek, halaber, azaldu du harremanetan ari direla lankidetza-proposamenean parte hartzen duten Atlantiar Arkuaren Ganberen kopurua handitzeko, eta aurrerapenak egin direla eskualde arteko lankidetza proiektuetan, konektibitatea hobetzea eta eragin-gaitasuna indartzea helburu duten lehen erronkari erantzuteko.

Arlo honetan, lau lan-talde sortu dira dagoeneko hainbat proiektu lantzeko: besteak beste, Atlantikoko Trenbide Korridorea merkantzia eta bidaiarientzat eta Abiadura Handiko tren-sarea garatzea; Atlantiar Arkuaren Ganberen Foroa, web-plataforma eta enpresa laguntzaileen sarea ezartzea; Jakobe Bidearen inguruko sektoreak garatzea, turismo-industria, silver economy eta green economy barne; eta Hidrogeno Korridorearen garapenean aurrera egitea.

Zudairek nabarmendu du Ganbera hauek ia 20 milioi biztanleko makroeskualdea ordezkatzen dutela eta elkarrekin lan egin behar dutela “Atlantiar Arkuari lehiakorragoa, iraunkorragoa, dinamikoagoa, irekiagoa eta konektatuagoa den lurralde bat bihurtzeko, non herritarrek bizi-kalitate handiagoa izango duten”. Azpimarratu du elkarlana eta abiatu duten lana ez daudela gorabehera politikoen menpe, eta Bruselaren aurrean Makroeskualde izateko egindako aldarrikapena hasten ari diren lan ugari horietako bat baino ez dela. “Lankidetzan aritzen gara gu batzen gaituenari begiratzen diogulako, ez banatzen gaituenari; eta ahots bakarra urrunago iristen da eta entzunagoa da”, adierazi du.

Bilboko Ganberako lehendakariaren iritziz, “aurrekaririk gabeko erronkei aurre egiten diegu; besteak beste, trantsizio ekologikoa, trantsizio digitala eta erronka demografikoa bezalako egoeretatik eratorritako erronkei, testuinguru globalean non erdigune ekonomikoak gure ingurutik urruntzen diren. Lehiakortasuna galtzeko arriskua, lurraldearen erakargarritasuna galtzea eta eragin-gaitasuna ahultzea benetakoa da, eta horregatik jarri ditugu abian mehatxuei gure indarrez aurre egiteko beharrezko mekanismoak”.

Jardunaldian zehar, Orkestrako zuzendari nagusi María José Arangurenek lan-metodologia eta 2024rako ekintza-plana aurkeztu ditu eztabaidarako, lau eskualde arteko lankidetza-prozesuren diseinua eta abiaraztea barne. Ekitaldia amaitu da Elisa Ferreira Kohesio eta Erreformetako Europako komisarioak Atlantiar Arkuaren Makroeskualdearen egungo egoerari buruz emandako hitzaldiarekin.

Jarri harremanetan ARCHAMekin